Plentzia eta Gorliz

Plentzia eta Gorliz

2018/06/27

EuskarAbentura



Datorren igandean, uztailaren 1ean, hasiko da EuskarAbentura Maulen. 16 eta 17 urte bitarteko 110 gazte euskaldunek (zazpi herrialdetakoak zein diasporakoak) espedizioa abiatuko dute Euskal Herrian zehar, oinez, uztail osoan zehar. Egun bakoitzean ekintza desberdinak burutuko dira: museoak bisitatu, hitzaldiak, tailerrak, kirol txapelketak, eztabaidak, astronomia hitzaldiak, eta abar.



Gazteen gehiengoa, %43, bizkaitarra da (48 gazte), %21 nafarra (23 gazte), %19 Gipuzkoatik etorriko da (20 gazte) eta %13 Arabatik (14 gazte). Zuberoa, Lapurdi eta Behe-Nafarroatik gazte bana etorriko da eta diasporatik bi; bat Washingtondik eta bestea Patagoniatik. Gazteen %65 emakumeak dira, 72 neska eta 38 mutil. Parte hartzeko proiektu bat egin behar izan zuten, eta lan onenen egileek dohainik hartuko dute parte espedizioan. Gidarien lan-taldea ere badago: antolakuntzako kideak, 12 xerpa (hezitzaile), medikua, erizaina, gidariak, argazkilaria eta kazetariak

Bidean zehar sormen proiektu bat lantzeko proposatuko zaie gazteei eta horretan laguntzeko Ander Lipusek ahots-adierazpen lantegia emango du, Miren Amurizak eta Odei Barrosok hitza-literatur sorkuntza, Ximun Fusch-ek eszenografia, Kattalin eta Peter Ansorenak inprobisazioa eta Myriam Perezek gorputz-adierazpena.
Espedizioa aurrera ateratzeko erakunde desberdinek kolaboratu dute: Akitania-Euskadi-Nafarroa, Euroeskualdea, BBK, Euskaltel, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak, Getxoko, Donostiko, Bilboko eta Gasteizko Udalak, Kaiku, Ausolan, Euskaraldia, Eusko Ikaskuntza, Jaso Fundazioa… besteak beste.

Euskarabentura Elkarteak abentura jarraitzeko eta elkarrekin gozatzeko gonbidapena luzatu nahi du. Informazio gaurkotuena sarean egongo da eskura: euskarabentura.eus webgunean eta Facebook, Twitter eta Instagram-en @euskarabentura profilak jarraituz.


2018/06/18

Txinako ibilgailu guztiek txip bat izan beharko dute euren jarraipena egiteko



Gero eta gertuago dugu "Anaia Handiaren" mundua. Txinan, esate baterako, hemendik aurrera auto guztiek jarraipen-txip bat izan beharko dute, legez derrigortuta. Teorian, trafiko arazoak konpontzeko baino ez.


Legea onartu berri du Txinako Gobernuak eta uztailetik aurrera hasiko dira ibilgailua irrati-frekuentzia bidez identifikatzeko txipak instalatzen. Kotxe berrietan derrigorrezkoa izango da uztailaren 1etik aurrera; zaharrek ere bai ala bai izan beharko dute txipa instalatuta 2019rako.

Txipak instalatzearekin batera, Txinako errepideetan ehundaka milaka irakurgailu ere ezarriko dituzte (Etzegaraten jarri dituztenen antzekoak), txipak irakurtzeko eta lortuko den informazio horri esker traifiko arazoak gainditzeko. Izan ere, trafikoa da Txinan gaur egun duten arazo handienetariko bat.

Horrelako txipak hainbat herrialdetan erabiltzen dira, gehienbat errepideetako bidesariak ordaintzeko, baina Txina izango da lehenengo herrialdea txipak derrigorrezko bihurtuko dituena eta irakurgailuak errepide guztietan ezarriko dituena.

Txinako Gobernuak ezarritako legedi berriak kezka sortu du herritarren artean, herritarrak nolabait "kontrolatzeko" neurriak ugaritu egin direlako azkenaldian. Esate baterako, Xinjiang eskualdean ibilgailuek derrigorrezko dute GPS bat instalatutaizatea eta Gobernuak ibilgailuen trackeo etengabea egiten du, mugimendu guzti-guztiak ezagutuz. Edota duela zenbait hilabetetik hona, poliziak tren geltokietako pasaiari guztiak identifikatzen ditu betaurreko adimendun batzuei esker.

2018/06/16

Zer botako duzu San Juan sutara?



Donibane jaia —edo, zenbait tokitako euskaran, San Joan festa edo sanjoanak— antzinako jatorria duen jai garrantzitsua da, ipar hemisferioan udako solstizioaren hasiera dela-eta ekainaren 24an ospatzen dena, bereziki Europan. Hala ere, udako benetako solstizioa, urte osoko egunik luzeena, ekainaren 21a edo 22a izaten da. Jatorri paganoa duen antzina-antzinako tradizioa da, birsorkuntza-errituak biltzen dituena; Erdi Aroaz geroztik, San Joan Bataiatzailea kristau santuaren izena darama.

Donibane jaiko ekitaldi ezagunena Donibane sua da, Donibane eguneko bezperako gauean piztu ohi dena, baina bestelako erritu eta ohiturak ere biltzen ditu. Euskal Herrian, esaterako, egun horretan iturri, putzu eta erreka batzuetako urez garbitzea, haietako ura edatea nahiz Donibane eguneko goizeko ihintza zapaltzea osasungarria dela sinetsi izan da. Ohikoa da, halaber, etxeko atarian lizarraren nahiz elorri zuriaren adarrak jartzea, tximistatik babesteko.

2018/01/16

2017an Youtuben gehien ikusi diren euskarazko bideoak



Youtuben argitaratzen diren euskarazko bideoak gordetzen ditu TBX.eus webguneak, modu automatikoan. Duela urte bete inguru argitaratu zen eta harrezkero euskarazko bideoak detektatzen eta biltegiratzen joan da. Horrela, 2017an Youtuben gehien ikusi diren euskarazko bideoetako batzuk zein izan diren jakin dezakegu. 



TBX.eus

2017/12/22

Urte berri, asmo berri,; eta zurea, zein da?





Urte zar, galtza zar; urte berri, galtza berri

Urte berri eguna, ez dala egun txarra, kortara jausi dala gure sapai zarra; daukanak eztaukanari, nik eztaukat eta neri, kantaretan bat, kantaretan bi, ekazu agiñaldo Jangoikoagatik; agiñaldo, agiñaldo, bota gaztañak ta ixilduko

2017/12/21

2017ko zientzia-albiste nabarmenenak



1. Bi neutroi-izarren arteko talka detektatu dute, grabitazio-uhinen bidez

2017ko abuztuaren 17an, grabitazio-uhinak detektatzeko LIGO eta Virgo behatokietan orain arte jasotakoetatik bereizten zen seinale bat jaso zuten. Azkenean, bi neutroi-izarren arteko topaketa izan dela ondorioztatu zuten. Lehen aldia da halako fenomeno baten seinalea jasotzen dela, eta garrantzi handia eman diote aldi berean bi bideren bitartez jaso izanari: grabitazio-uhinen eta uhin elektromagnetikoen bidez.

2. Paleolitoko behe-erliebeak topatu dituzte Aitzbitarten

Madeleine aldiko lau behe-erliebe aurkitu dituzte Aitzbitarte IV kobazuloan (Errenteria): bi bisonte, zaldi bat, eta beste animalia bat, oraindik ez dakitena ziur zer den. Kantauriar mendikatean topatutako lehenak dira. Haiekin batera, hamabi grabatu inguru ere aurkitu dituzte.

3. CRISPR teknika erabiliz, gaixotasun bat eragiten duen mutazio bat zuzendu dute giza enbrioietan.

Kardiomiopatia hipertrofikoa eragiten duen mutazioa zuzendu dute giza enbrioietan, CRISPR erabilita. Teknika horrek pizten duen interesaren adierazle da Teknopolisek saria jaso izana ASEBIO lehiaketan. Hain zuzen, Bioteknologiaren komunikazioa eta dibulgazioa saritzen du ASEBIOk, eta Telebista eta Irratia kategorian saritu du “CRIPSR/Cas9, genoma mozteko guraizeak” Teknopolisen erreportajea.

4. Agur, Cassini

Lurretik abiatu zela 20 urte igaro direnean, 13 urtez Saturno eta haren ilargiak eta eraztunak behatu ondoren, eta erregaia agortzeko zorian zuela, bere burua planetaren aurka botata suntsitu da Cassini zunda.

5. Zientzialarien bigarren ohartarazpena gizateriari: etorkizuna arriskuan jartzen ari gara

Duela 25 urte, “Munduko zientzialarien ohartarazpena gizateriari” izeneko manifestua argitaratu zuten. Orain, 15.000 zientzialarik baino gehiagok bigarren ohartarazpen bat sinatu dute. Manifestuan, kezka adierazi dute ingurumenari egindako kalteengatik, eta jokabidea aldatu beharra zegoela aldarrikatu dute.

6. Antisorgailu hormonalak eta depresioa: erlazioa aztergai

15-34 urteko milioi bat neska eta emakume baino gehiagoren datuak ikertuta, antisorgailu hormonalak hartzearen eta depresioa izateko joeraren artean harremana dagoela ondorioztatu dute Kopenhageko Unibertsitateko ikertzaileek.

7. Martxan jarri dute ama-esnearen EAEko lehen bankua

EAEn abiatu berri den Ama Esnearen Bankuak dagoeneko 30 emaile ditu, eta beste 80 emakume itxaron-zerrendan daude. Izan ere, ebidentzia zientifiko ugari dago ama-esneak haur goiztiarrentzako dituen onurez, eta kasu askotan, haien amek oraindik ez dute behar adina esne sortzen.

8. Pirinioetako glaziarrak, gainbehera etengabean

Pirinioetako glaziarrek 243 ha-ko azalera hartzen dute gaur egun, 1850ean baino % 88 gutxiago, Euskal Herriko Unibertsitateko Ibai Ricok eta Magallanes Unibertsitateko Eñaut Izagirre glaziologoek egindako lan baten arabera.

9. Emakumeak maite ez dituen zientzia

Emakumearen Nazioarteko Egunaren ondorenean, Teknopolisek saio monografiko bat eskaini zion emakumeek zientzian duten egoerari. Non daude emakume zientzialariak? Zergatik uzten dute gizon baino emakume askoz ere gehiagok karrera zientifikoa? Nola izan daiteke ikerketa-lan bat objektiboa eta bikaina ez baditu emakumeak aintzat hartzen?

10. March for Science

Donald Trump presidenteak klima-aldaketaren aurrean duen jarrerari erantzuteko, hainbat zientzialarik March for Science mugimendua sortu dute. Mugimendua hiri askotara zabaldu da, eta dagoeneko, Estatu Batuetara ez ezik, beste hainbat herrialdetara ere iritsi da.

2017/11/10

Egoera deserosoak (Azkoitiako euskaraz)

                       

Gaztea irrati-kateak antolatutako 'Youtuberrak' lehiaketaren lehen saria Iban Garcia gazte azkoitiarrak irabazi zuen, 'Egoera deserosoak' bideoarekin. 


Bestelako egoera deserosorik kontatu nahi?

2017/10/31

Nola ekidin daiteke zure kontuak hackeatzea?




Hainbeste aukera eskaintzen dizkigu Internetek non oso zaila den bizitza digital ordenatua eta arriskurik gabea izatea. Hala ere, teknologiak aurrera egiten duen heinean, erabiltzaileen segurtasunak ere hala egiten du, zibernautek gora egiten duten bezalaxe egiten baitute gora zibergaizkileek.

Sarritan, kontuak hackeatzearena jende famatu, ezagun eta aberatsei bakarrik gertatzen zaiela uste da, baina ez da beti horrela izaten. Izan ere, robot eta softwarek ez dute bereizketarik egiten eta segurtasun gutxiena duenaren bila joaten dira.

Askotariko plataformatan ematen dugu izena, kontu ugari sortu eta informazioa publiko eginez. Hori dela kontuz ibili behar dugu, gure datuetara hel ez daitezen.

Hau ekiditeko, hona hemen kontuan hartu behar dugun zenbait kontu:
Pasahitz seguruak

Pasahitza ezartzerako orduan garrantzitsuak izan daitezkeen kontu batzuk daude:
  • Saiatu hitz bakarreko pasahitzak ez erabiltzen. Adibidez, “liburua” ez litzateke aukera ona izango, erraz desifratzekoa baita.
  • Letra larri eta xeheak erabili.
  • Zenbaki eta karaktere bereziak erabili.
  • Luzerari dagokionez, gutxienez 12 karaktere dituzten pasahitzak gomendatzen dira.
  • Erraz gogoratzeko moduko esaldiak dira egokienak.
  • Ez partekatu pasahitzak inorekin.
  • Ez errepikatu pasahitzak plataforma ezbedinetan: korreokoa eta Twitterrekoa adibidez, desberdinak izatea komeni da.

Antibirusa

Horrelako arazoak ekiditeko, berebiziko garrantzia du antibirus on bat edukitzeak. Oso barneratuta daukagu ordenagailuek hauen beharra dutela, baina mugikorrean ere antibirusa izatea komenigarria da. Izan ere, sare sozialetan argitaratzen diren edukien zati handi bat smartphonetatik jasotzen dugu. Hori dela eta, hackerrek errazago daukate gure kontuetara heltzea.

Babestu informazio pertsonala

Gaur egun ia ezinezkoa da guri buruzko informazio gutxi izatea sarean. Guk uste baino gauza gehiago daude eskuragarri, nahiz eta askotan ez garen konturatzen. Hori dela eta, oso garrantzitsua da argitalpenak ahalik eta modu seguruenean egitea, (ia) ezinezkoa izango baita gure aztarna digitala ezabatzea.
Kontuz wifi libreekin

Oso entzuna da zabalik aurkitzen ditugun wifiak erabiltzea oso arriskutsua dela, jakinez gero oso erraz lortu ahal baitaitezke sare horretara konektatuta daudenen datuak. Beraz, horrelako wifi batera batu aurretik, kontuan izan zer nolako ondorioak izan ditzaken.
Zer egin dezaket norbaitek nire kontua hackeatu duela susmatzen badut?

Lehenik eta behin segurua den leku batetik pasahitza aldatzea komeniko litzateke. Hala ere, aldizka pasahitza aldatzen joatea da gomendagarriena. Hala, norbait zure kontuan sartu ahal izan bada, atea ixten diozu.

Bestalde, segurtasuna bermatzen duten baliabideak eguneratuta eta martxan dauden begiratu beharko litzateke, berriz erabiltzen hasterakoan, seguru eta behar bezala egon dadin dena.




Zein da euskaldunon telesail gustukoena?



Serierik ikusten duzu?
Zein?