Gero eta gertuago dugu "Anaia Handiaren" mundua. Txinan, esate baterako, hemendik aurrera auto guztiek jarraipen-txip bat izan beharko dute, legez derrigortuta. Teorian, trafiko arazoak konpontzeko baino ez.
Legea onartu berri du Txinako Gobernuak eta uztailetik aurrera hasiko dira ibilgailua irrati-frekuentzia bidez identifikatzeko txipak instalatzen. Kotxe berrietan derrigorrezkoa izango da uztailaren 1etik aurrera; zaharrek ere bai ala bai izan beharko dute txipa instalatuta 2019rako.
Txipak instalatzearekin batera, Txinako errepideetan ehundaka milaka irakurgailu ere ezarriko dituzte (Etzegaraten jarri dituztenen antzekoak), txipak irakurtzeko eta lortuko den informazio horri esker traifiko arazoak gainditzeko. Izan ere, trafikoa da Txinan gaur egun duten arazo handienetariko bat.
Horrelako txipak hainbat herrialdetan erabiltzen dira, gehienbat errepideetako bidesariak ordaintzeko, baina Txina izango da lehenengo herrialdea txipak derrigorrezko bihurtuko dituena eta irakurgailuak errepide guztietan ezarriko dituena.
Txinako Gobernuak ezarritako legedi berriak kezka sortu du herritarren artean, herritarrak nolabait "kontrolatzeko" neurriak ugaritu egin direlako azkenaldian. Esate baterako, Xinjiang eskualdean ibilgailuek derrigorrezko dute GPS bat instalatutaizatea eta Gobernuak ibilgailuen trackeo etengabea egiten du, mugimendu guzti-guztiak ezagutuz. Edota duela zenbait hilabetetik hona, poliziak tren geltokietako pasaiari guztiak identifikatzen ditu betaurreko adimendun batzuei esker.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina