Plentzia eta Gorliz
2017/12/27
2017/12/22
Urte berri, asmo berri,; eta zurea, zein da?
Urte zar, galtza zar; urte berri, galtza berri
Urte berri eguna, ez dala egun txarra, kortara jausi dala gure sapai zarra; daukanak eztaukanari, nik eztaukat eta neri, kantaretan bat, kantaretan bi, ekazu agiñaldo Jangoikoagatik; agiñaldo, agiñaldo, bota gaztañak ta ixilduko
2017/12/21
2017ko zientzia-albiste nabarmenenak
1. Bi neutroi-izarren arteko talka detektatu dute, grabitazio-uhinen bidez
2017ko abuztuaren 17an, grabitazio-uhinak detektatzeko LIGO eta Virgo behatokietan orain arte jasotakoetatik bereizten zen seinale bat jaso zuten. Azkenean, bi neutroi-izarren arteko topaketa izan dela ondorioztatu zuten. Lehen aldia da halako fenomeno baten seinalea jasotzen dela, eta garrantzi handia eman diote aldi berean bi bideren bitartez jaso izanari: grabitazio-uhinen eta uhin elektromagnetikoen bidez.
2. Paleolitoko behe-erliebeak topatu dituzte Aitzbitarten
Madeleine aldiko lau behe-erliebe aurkitu dituzte Aitzbitarte IV kobazuloan (Errenteria): bi bisonte, zaldi bat, eta beste animalia bat, oraindik ez dakitena ziur zer den. Kantauriar mendikatean topatutako lehenak dira. Haiekin batera, hamabi grabatu inguru ere aurkitu dituzte.
3. CRISPR teknika erabiliz, gaixotasun bat eragiten duen mutazio bat zuzendu dute giza enbrioietan.
Kardiomiopatia hipertrofikoa eragiten duen mutazioa zuzendu dute giza enbrioietan, CRISPR erabilita. Teknika horrek pizten duen interesaren adierazle da Teknopolisek saria jaso izana ASEBIO lehiaketan. Hain zuzen, Bioteknologiaren komunikazioa eta dibulgazioa saritzen du ASEBIOk, eta Telebista eta Irratia kategorian saritu du “CRIPSR/Cas9, genoma mozteko guraizeak” Teknopolisen erreportajea.
4. Agur, Cassini
Lurretik abiatu zela 20 urte igaro direnean, 13 urtez Saturno eta haren ilargiak eta eraztunak behatu ondoren, eta erregaia agortzeko zorian zuela, bere burua planetaren aurka botata suntsitu da Cassini zunda.
5. Zientzialarien bigarren ohartarazpena gizateriari: etorkizuna arriskuan jartzen ari gara
Duela 25 urte, “Munduko zientzialarien ohartarazpena gizateriari” izeneko manifestua argitaratu zuten. Orain, 15.000 zientzialarik baino gehiagok bigarren ohartarazpen bat sinatu dute. Manifestuan, kezka adierazi dute ingurumenari egindako kalteengatik, eta jokabidea aldatu beharra zegoela aldarrikatu dute.
6. Antisorgailu hormonalak eta depresioa: erlazioa aztergai
15-34 urteko milioi bat neska eta emakume baino gehiagoren datuak ikertuta, antisorgailu hormonalak hartzearen eta depresioa izateko joeraren artean harremana dagoela ondorioztatu dute Kopenhageko Unibertsitateko ikertzaileek.
7. Martxan jarri dute ama-esnearen EAEko lehen bankua
EAEn abiatu berri den Ama Esnearen Bankuak dagoeneko 30 emaile ditu, eta beste 80 emakume itxaron-zerrendan daude. Izan ere, ebidentzia zientifiko ugari dago ama-esneak haur goiztiarrentzako dituen onurez, eta kasu askotan, haien amek oraindik ez dute behar adina esne sortzen.
8. Pirinioetako glaziarrak, gainbehera etengabean
Pirinioetako glaziarrek 243 ha-ko azalera hartzen dute gaur egun, 1850ean baino % 88 gutxiago, Euskal Herriko Unibertsitateko Ibai Ricok eta Magallanes Unibertsitateko Eñaut Izagirre glaziologoek egindako lan baten arabera.
9. Emakumeak maite ez dituen zientzia
Emakumearen Nazioarteko Egunaren ondorenean, Teknopolisek saio monografiko bat eskaini zion emakumeek zientzian duten egoerari. Non daude emakume zientzialariak? Zergatik uzten dute gizon baino emakume askoz ere gehiagok karrera zientifikoa? Nola izan daiteke ikerketa-lan bat objektiboa eta bikaina ez baditu emakumeak aintzat hartzen?
10. March for Science
Donald Trump presidenteak klima-aldaketaren aurrean duen jarrerari erantzuteko, hainbat zientzialarik March for Science mugimendua sortu dute. Mugimendua hiri askotara zabaldu da, eta dagoeneko, Estatu Batuetara ez ezik, beste hainbat herrialdetara ere iritsi da.
2017/12/13
2017/12/12
2017/12/01
2017/11/22
2017/11/10
Egoera deserosoak (Azkoitiako euskaraz)
Gaztea irrati-kateak antolatutako 'Youtuberrak' lehiaketaren lehen saria Iban Garcia gazte azkoitiarrak irabazi zuen, 'Egoera deserosoak' bideoarekin.
Bestelako egoera deserosorik kontatu nahi?
2017/10/31
Nola ekidin daiteke zure kontuak hackeatzea?
Hainbeste aukera eskaintzen dizkigu Internetek non oso zaila den bizitza digital ordenatua eta arriskurik gabea izatea. Hala ere, teknologiak aurrera egiten duen heinean, erabiltzaileen segurtasunak ere hala egiten du, zibernautek gora egiten duten bezalaxe egiten baitute gora zibergaizkileek.
Sarritan, kontuak hackeatzearena jende famatu, ezagun eta aberatsei bakarrik gertatzen zaiela uste da, baina ez da beti horrela izaten. Izan ere, robot eta softwarek ez dute bereizketarik egiten eta segurtasun gutxiena duenaren bila joaten dira.
Askotariko plataformatan ematen dugu izena, kontu ugari sortu eta informazioa publiko eginez. Hori dela kontuz ibili behar dugu, gure datuetara hel ez daitezen.
Hau ekiditeko, hona hemen kontuan hartu behar dugun zenbait kontu:
Pasahitz seguruak
Pasahitza ezartzerako orduan garrantzitsuak izan daitezkeen kontu batzuk daude:
- Saiatu hitz bakarreko pasahitzak ez erabiltzen. Adibidez, “liburua” ez litzateke aukera ona izango, erraz desifratzekoa baita.
- Letra larri eta xeheak erabili.
- Zenbaki eta karaktere bereziak erabili.
- Luzerari dagokionez, gutxienez 12 karaktere dituzten pasahitzak gomendatzen dira.
- Erraz gogoratzeko moduko esaldiak dira egokienak.
- Ez partekatu pasahitzak inorekin.
- Ez errepikatu pasahitzak plataforma ezbedinetan: korreokoa eta Twitterrekoa adibidez, desberdinak izatea komeni da.
Antibirusa
Horrelako arazoak ekiditeko, berebiziko garrantzia du antibirus on bat edukitzeak. Oso barneratuta daukagu ordenagailuek hauen beharra dutela, baina mugikorrean ere antibirusa izatea komenigarria da. Izan ere, sare sozialetan argitaratzen diren edukien zati handi bat smartphonetatik jasotzen dugu. Hori dela eta, hackerrek errazago daukate gure kontuetara heltzea.
Babestu informazio pertsonala
Gaur egun ia ezinezkoa da guri buruzko informazio gutxi izatea sarean. Guk uste baino gauza gehiago daude eskuragarri, nahiz eta askotan ez garen konturatzen. Hori dela eta, oso garrantzitsua da argitalpenak ahalik eta modu seguruenean egitea, (ia) ezinezkoa izango baita gure aztarna digitala ezabatzea.
Kontuz wifi libreekin
Oso entzuna da zabalik aurkitzen ditugun wifiak erabiltzea oso arriskutsua dela, jakinez gero oso erraz lortu ahal baitaitezke sare horretara konektatuta daudenen datuak. Beraz, horrelako wifi batera batu aurretik, kontuan izan zer nolako ondorioak izan ditzaken.
Zer egin dezaket norbaitek nire kontua hackeatu duela susmatzen badut?
Lehenik eta behin segurua den leku batetik pasahitza aldatzea komeniko litzateke. Hala ere, aldizka pasahitza aldatzen joatea da gomendagarriena. Hala, norbait zure kontuan sartu ahal izan bada, atea ixten diozu.
Bestalde, segurtasuna bermatzen duten baliabideak eguneratuta eta martxan dauden begiratu beharko litzateke, berriz erabiltzen hasterakoan, seguru eta behar bezala egon dadin dena.
2017/10/30
Nola izan ahobizia?
Ahobizia izateko hainbat trukotxo irakatsiko dizkigu Leirek bideo honetan, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak egingo duen "30 egun euskaraz" kanpainari begira.
Eta zu, bazara ahobizia?
2017/10/24
Mugikorraren bateriarekin arazorik ez izateko gomendioak
Zenbait ohitura txar ditugu mugikorra kargatzerako orduan eta gaizki egiteak eragin zuzena du honen iraupenean. Oso ohikoa izaten da gauean, lo gauden bitartean mugikorra kargatzen izatea, hurrengo egunerako prest eduki ahal izateko. Beste ekintza batzuk egiten dagoenean ere entxufatuta izaten du jendeak. Duela hilabete batzuk eman genituen zenbait aholku Sustatun., bateriak kargatzeko modurik onenak zerrendatuz.
Oraingoan, hona hemen beste zenbait aholku bateriak hobeto zaintzeko.
Hona hemen mugikorraren bateria modu egokian kargatu eta ahalik eta arazo gutxien izateko hanbait gomendio:
1.Ez utzi %0 eta %100era iristen
Duela urte batzuk, mugikorren bateriak nikel-kadmiozkoak ziren, eta horiek kargatzeko bateria guztiz agortuta egon behar zen. Gaur egun aldiz, ion-litiozkoak dira erabiltzen diren bateriak. Nahiz eta nikel-kadmiozkoen zenbait arazori aurre egin zaien hauek erabiltzean, oraindik ere izaten dira zenbait gora behera. Esan bezala, Sustatun aipatu genuen gai hau duela hilabete batzuk, eta bertan aipatzen genituen bateriak kargatzeko modurik egokienak. Gomendagarriena %20-%30 bitartean dagoenean entxufatzea izango litzateke, eta %100era iristea ere ez da ona. Battery Universityk dioenez, hobeto da %98ra iristean kentzea, bestela arazoak eman baititzake. Hala ere, komenigarria da noizean behin %0 eta %100era iristea, bateriak bere mugak zeintzuk diren jakin dezan.
2.Deskonektatu mugikorra karga amaitzen denean
Behin bateria kargatuta dagoenean, kaltegarria da mugikorra entxufatuta mantentzea. Izan ere, asko berotzeko arriskua dago eta horrek arazoak sor ditzake. Ion-litiozko bateriek 300-500 karga ziklo izaten dituzte, eta gutxi gorabeherako kalkuluak eginez, bi urte inguru iraungo lituzke bateriak. Zikloa kopuru hori bermatzeko, oso garrantzitsua da kargak behar bezala egitea.
3.Kargatzaile eta bateria ofizialak erabili
Oso ohikoa izaten da kargatzailea galdu edo apurtzea. Bateria izorratuz gero, berri bat erosteko ohitura ere badu jendeak. Baina erne ibili behar gara horrelakoak erostean. Kargatzaile eta bateria ofizialak erostea da egokiena. Izan ere, beste batzuek ez dituzte fabrikatzaileak eskaintzen dituen segurtasun baldintzak izaten eta hauen erabilera oso kaltegarria izan daiteke mugikorrarentzat. Beraz, nahiz eta apur bat garestiagoa izan, merezi duen inbertsio bat da; askotan gauza merkeak erosteak, gastu handiak eragiten ditu.
4.Hotza eta beroa kaltegarriak dira
Mugikorra beti aldean izaten dugun gailua izanik, berak ere beroa eta hotza jasan behar izaten ditu. Uda partean oso ohikoa da hondartza eta igerilekuetara eramatea, baina ez litzateke 35ºC-tik gorako lekuetan egon behar. Bateriarentzat 18-22ºC da tenperatura perfektua.
5.Sistema eragilea eguneratzeak mesede egingo dio
Sarritan aktualizazioek energia aurreztu eta bateria denbora luzeagoz mantentzeko baliabideak eskaintzen dituzte. Hori dela eta, interesgarria izaten da noizean behin berrikuntza hauek mugikorrean izatea.
6.Aplikazioak itxi
Martxan dauden baina erabiltzen ez zauden aplikazioak ixteak ere bateria aurrezten lagunduko dizu. Izan ere, hauek zabalik uzten badituzu, mugikorra beharrezkoa ez den esfortzu bat egiten ari da.
7.Denbora luzez gordeta izan behar baduzu, karga erdia duela itzali
Mugikorra denboraldi batean erabili behar ez baduzu, oso garrantzitsua da behar bezala gordetzea.
Kasu horretan giroko tenperatura eta bateriaren portzentaia eragin handia duten faktoreak dira. Hori dela eta, zenbait gauza izan behar dira kontuan:
Erdi kargatuta utzi mugikorra; ez guztiz kargatuta, ezta bateriarik gabe ere.
8-Itzali mugikorra
Leku lehor eta fresko batean gorde.
Sei hilabetero erdiraino kargatu (askotan nahiz eta itzalita egon, bateria gastatzen baitzaio)
Gomendio hauek jarraituz gero, ez duzu arazorik izango mugikorraren bateriarekin. Egin proba!
2017/10/23
Hamar urte dira Halloween-en inbasioa hasi zela
Animen gaua Eibarko Mandiola auzoan:
"Orain hamar urte Euskal Herrian ez zen Halloween ia-ospatzen. Domu Santu eguna bai, Arimen gaua toki gutxi batzuetan ere bai. Baina Halloween filmeetako eta telebistako kontu amerikarra zelakoan lasai egiten genuen lo Domu Santu Egunaren inguruan. 2007ko urrian Bilbon, merkekariak saltzen zituen bazar baten eskaparatean ikusi nituen Halloween-eko hainbat traste (plastikozko kalabazak, disfraz ergelak,...) saltzen zituztela. Harritu nintzen. Barrura sartu eta saltzaileari galdetu nion: "Aizu, ikusi ditut erakusleihoan dituzunak, baina hemen saltzen al dira Halloweeneko gauzak?". "Bai horixe!" erantzun zidan gizonak, "Urtetik urtera aurrekoaren bikoitza ekartzen dut eta dena saltzen da!" esan zidan harro.
Artikulutxo bat idatzi nuen hori kontatuz. Gero etxean atera nuen gaia, eta aitak eman zidan ezustekoa. "Bai, guk ere umetan [50eko hamarkada hasiera], Zizurkilen, baratzetan kalabaza edo arbiak hartu, zulatu, hustu, kandelak jarri, eta bide bazterretan jartzen genituen jendea beldurtzeko". Zur eta lur, gaiaz dokumentatzen hasi nintzen eta blogean joan nintzen nire harridura konpartitzen. Erantzuna harrigarria izan zen, han eta hemen, joan zen agertzen jendea gure aitaren testigantza berdintsuarekin.
Inbasioa eta erresistentzia
Urteotan elkarrizketa ugari egin dizkidate, hainbat hitzaldi eman ditut, artikuluak,... Bi prozesu bateratsu joan dira. Batetik, merkataritza industriaren Halloween inbasioa eremu ia-guztietara iritsi da, eta hiri, herri handi, herri txiki eta auzo, umeek ospatu ala ez, denek badakite zer den. Bestetik, hainbatek euskal tradizioan festa honen, Animen gauaren eta Domu Santu egunaren testigantzak, eske-formulak, mozorro ohiturak eta abarrekoak batu, ezagutzera eman eta bertako ñabardurekin ospatzeko ahaleginak egin dituzte.
Aste honetan Josu Ozaita eta Jaime Altunak, Juan San Martin bekarekin egindako ikerketaren berri eman digute Eibarren. Ikuspegi zabal eta irekia eskaini digute, eta pozgarria da gure begien aurrean gertatzen ari diren aldaketak behatu eta aztertzeko antropologiaren tresnak baliatu dituzten ikertzaileen lana ikustea. Hona gaiari buruzko lotura sorta bat:
Albiste hau dantzan.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra"
Argia.eus webgunetik ateratako artikulua.
Ospatzen duzu Halloween?
Bazenekien Euskal Herrian ere aspalditik ospatzen zela?
Badakizu zein den ospakizun honen jatorria?
2017/10/16
Onomatopeiak
Onomatopeiak esanahien eta soinuen arteko lotura zuzena erakusten duten hitzak dira.
Baga, biga, higa,
laga, boga, sega,
Zai, zoi, bele,
harma, tiro, pun!
Xirristi-mirristi
gerrena plat,
Olio zopa
Kikili salda,
Urrup edan edo klik ...
ikimilikiliklik ...
Hau da, badira onomatopeiak sinpleak eta argiak, zapla‘belarrondokoaren soinua’, klix-klax ‘guraizeak ebakitzeko zarata’ eta txin ‘soinu metalikoa’, baina beste onomatopeiea batzuetan ez da hain argi ikusten nondik datozen edo zergatik hautatu diren soinu eta hots horiek: zergatik esaten da hirrinbili-harranbalabaldar mugitzea adierazteko edo ikilimikiklikzurrutada batez edatea?
Ba al zenekien hizkuntza bakoitzak bere onomatopeiak dituela? Hau da, euskaraz, ingelesez eta gaztelainaz txakurrek egiten duten soinua adieratzeko hitz eta soinu diferente erabiltzen ditugula?
Adibidez, irudian agertzen den ekintza, zelan adierazi euskaraz?
2017/10/02
2017/09/28
Taxi hegalari eta autonomoak hasi dira testeatzen Dubain
Ibilgailu autonomoen eremuan aurrerapausu handiak eman dira azkenaldi honetan. Oraingoan Dubaitik dator albistea: lehenengo ibilgailu autonomo hegalarien probak hasi dituzte. Oraindik proba fasean, baina dagoeneko errealitate; gutxi barru bidaiariak eramaten hasteko prest egongo dira. Gidaririk gabeko taxi hegalariak izango dira. Dubaiko agintariek euren garraio-sistema publikoan txertatuko omen dituzte, gainontzeko garraiobideen pare.
Volocopter izenez bataiatu dituzte ibilgailu berriak, eta helikopteroen, taxien eta dronen arteko zerbait dira. Bi bidaiari garraitzeko gaitasuna izango dute, gidaririk gabe. 30 minutuko autonomia daukate eta 100 km/h-ko abiadura hartu dezakete. Dubai barruko hegaldi laburretarako daude pentsatuta. Ibilgailuak, nola ez, elektrikoak dira.
Alemaniako enpresa batek diseinatzen eta komertzializatzen ditu Volocopterrak. Oraindik ere probetan ari dira, baina dagoeneko egin dituzte aurreneko benetako hegaldiak. Aste honetan izan da, Dubain. Dubaiko agintariek azaldu dutenez, oraindik urte batzuk beharko dira garraio mota hau erabat testeatu eta hiritarrei eskaintzeko, baina epe labur-ertainera euren garraio-sistema publiko barruan ikusiko ditugu ibilgailu hegalari autonomoak.
Ibilgailu hauetariko bat erabiltzeko APP bat deskargatu beharko dute bidaiariek. Bertatik kudeatuko dira eskaerak, ibilbideak, itxarote-denborak, eta abar. Gutxi gora-behera gaur egun Uberrek egiten duen bezalatsu.
Dubaiko honen antzerako ekimenak ugaritu egingo dira datozen hilabeteotan. Izan ere, erronka moduko bat dago munduko hiri eta konpainien artean, lehenengo ibilgailu autonomo eta hegalaria martxan jartzeko. Beste hiri batzuk ere sartu dira norgehiagoka horretan, eta zer esanik ez konpainiak. Volocopter alemaniarrarekin batera, beste hainbat konpainia handi ere bide berean daude, hala nola Airbus (2020rako prest izango omen dute euren taxi hegalari eta autonomoa), Google (Kitty Hawk proiektuaren bidez), edota Uber bera, ibilgailu hegalarien munduan ere euren tokia hartu nahian dabilena.
Laster ikusiko ditugu horrelako ibilgailuak munduko hiririk handienetan. Guztietan ere ezaugarri berberak: autonomoa + elektrikoa + hegalaria.
Sustatu
2017/09/27
Hitzak sortzeko bideak
Aurkezpen honetan eratorpena modu argian azalduta daukazue. Aurrizkiak, atzizkiak eta artizkiak zer diren ere ondo ikusten da. Adibideak ere badakartza.
Interesgarriak diren beste lotura batzuk:
2017/09/25
'Marea' komunikazio-kablea iritsi da Ameriketara
Azken hilabeteetan pare bat aldiz aipatu izan dugu Sustatun MAREA izeneko super-kablea. Ipar Atlantikoaren bi alderdiak batuko dituen komunikazio-kablea da, ozeanoan inoiz bota den bizkorrena (160 Terabyte segunduko). Euskaldunontzat albiste izan da, gehienbat, super-kableak Euskal Herrian izango duelako Europako nodo nagusia. Sopelan hasi zuten instalazioa joan zen ekainean eta pare bat hilabetez jardun dute kablea ozeanoan barrena instalatzen. Asteburuan iritsi da kablea Ameriketara. Ozeanoaren bi alderdiak lotuta geratu dira, beraz.
Kable berriak bi kontinenteen arteko interneteko komunikazioa hobetuko du. Esan bezala, uda hasieran hasi ziren kablea botatzen Atlantikoan barrena, Sopelan hasita. Guztira 6.600 km kable izan dira Euskal Herria eta Virginia bitartean bota dituztenak, itsas hondoan barrena, tarte askotan 4.000 metroko sakonerara.
Sopelakoa izango da gure kontinentean izango duen nodo nagusia. Komunikazio-kable berriaren izena MAREA da, Atlantikoan dagoen bizkorrena izango da (160 Terabyte segunduko abiadura, etxean ditugun kableak baino 16 milioi aldiz bizkorragoa), eta 2018rako hasiko da funtzionatzen. Proiektua Miocrosoftek eta Facebookek bultzatu dute, batez ere (baina ez bakarrik) euren zerbitzuak hobetzeko (Xbox, Skype, Office,...).
Hara instalazioaren irudi batzuk (goian erakusten dugun bobinaren argazkia ere ikusgarria da), eta nola heldu den kablea Ameriketako kostaldera.
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)